XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

13. KAPITULUA ELKARTEAREN AURREKONTUA.

1. ELKARTEAREN AURREKONTUAREN EZAUGARRI OROKORRAK.

Europako Elkarteetan bi aurrekontu egiten dira:1) Elkartearen aurrekontu orokorra, non EEErena, EURATOMena eta EIAEren funtzionamendu-gastuak sartzen diren; eta 2) EIAEren eragiketa-aurrekontua.

Bestela adierazi ezean, ondoko lerroetan lehenengoaz bakarrik ihardungo dugu.

Elkartearen aurrekontu orokorraren tamaina txikia da: Elkartearen BPGd-rekiko % 1 eta Hamabien aurrekontu nazionalekiko % 3`5 gutxi gorabehera.

Batzordeak, 1978an, aurrekontu honetaz honako hau adierazi zuen: Elkartearen aurrekontua, garrantzitsua termino absolututan baina hutsaren hurrengoa erlatibotan eta erabat desorekatua politika bakar baten alde, oso finantz integrazio partzial eta puntualaren ispilua da.

Gaur egun ez da hainbat politikaren finantz tresna eraginkorra, ez birbanaketa-tresna tajuzkoa eta ez egonkortze ekonomikoko tresna.

Edozein moduz ere, Elkarteak ez dio ekonomiari aurrekontuaren bidez bakarrik eragiten.

Hortaz, oker genbiltzake Elkartearen eragin ekonomikoa neurtzeko aurrekontuari bakarrik so egingo bagenio.

Gogoan izan aurrekontuak barne ez dituela, Batzordeak eta EIBek emandako mailegu- eta jesapen-eragiketak.

Eta, era berean, eralkipena ia ez sortzeagatik, arras erabakiorrak diren elkarte-politika edo ekintza batzuek ere (lau askatasunen ezarkuntza, adibidez) ez dutela aurrekontuan isladapenik.

Azpimarratzekoa da, azkenik, Elkartearen eta ohizko nazioarteko erakundeen finantzabideen artean dagoen ezberdintasuna: azken hauek gobernu-ekarpenez finantziatzen diren bitartean eta baliabide horiek haien funtzionamendu-gastuak finantziatzera zuzentzen dituzten bitartean, Elkartea baliabide berekiez finantziatzen da eta haren gastu gehienak eragiketazkoak dira, eta ez funtzionamendukoak.

2. AURREKONTUAREN SARRERAK.

Elkartearen finantz moldea aldatuz joan da denboran zehar, ondoko aroak bereiz daitezkeelarik:.